Funtzionalitate berriak IDENAren bisorean - 2026ko abuztua - PCSitna
1. Ibilbideak kalkulatzeko funtzionalitate berria, OpenRouteService zerbitzuaren bidez
IDENA bisore geografikoak ibilbideak kalkulatzeko funtzionalitate berri bat du. Hari esker, ibilbideak planifikatu eta zuzenean kontsulta daitezke mapan, bai 2Dn, bai 3Dn.
OpenRouteService zerbitzuan oinarritzen den tresna berri horrek nabigatzeko eta bisorea kontsultatzeko aukerak zabaltzen ditu eta ibilbideak kalkulatzeko esperientzia errazten du.
Planifikatu zure ibilbidea IDENAn
Tresna horrekin, ibilbidea bi modutara has gaitezke prestatzen: aldez aurretik bisorean bilatuta eta bilaketaren emaitza helmuga gisa ezartzeko bideratze-botoi berria erabilita, edo zuzenean bideratze-panelera sartuta, aldez aurreko bilaketarik egin beharrik izan gabe.


Behin panela irekita, ibilbidearen jatorria eta helmuga ezar ditzakegu, eskura ditugun aukeren bidez.

Jatorria eta helmuga adieraztean, zerbitzuak gomendatutako ibilbide bat eta ibilbide alternatibo bat eskaintzen ditu, eta aukera ematen du biak alderatzeko. Tartean geldialdiak sartzen badira, zerbitzuak ez du ibilbide alternatiborik eskaintzen.
Ibilgailu mota ezberdinak
Tresnak aukera ematen du ibilbidea egiteko ibilgailu mota hautatzeko, OpenRouteService zerbitzuan diren aukeren artetik:
-
🚲 Bizikleta
-
🚗 Autoa
-
🚛 Ibilgailu astuna
Ibilgailua hautatuta, ibilbidearen kalkulua egokitu egiten da egin nahi dugun joan-etorriaren ezaugarrietara.

Pertsonalizatu eta aldatu zure ibilbidea
Ibilbidea kalkulatu ondoren, hainbat modutan alda daiteke, erabiltzailearen beharretara egokitzeko.
Aukera hauek daude:
-
Beste helmuga bat gehitzea; ondorioz, aurreko helmuga tarteko geldialdi bilakatuko da.
-
Tarteko geldialdiak berrantolatzea, arrastatzeko botoien bidez.
-
Geldialdiak ezabatzea edo aldatzea edozein unetan.
-
Ibilbidea alderantziz egitea, jatorria, helmuga eta tarteko geldialdiak trukatuz.
-
Hautatu ibilbide mota: gomendatua, laburrena edo azkarrena.

Aukera horiei esker, ibilbideak diseinatu daitezke igaro-puntu batzuekin, eta erraz alda daitezke, berriro hasi behar izan gabe.
Tarte bakoitzaren xehetasunak kontsultatzea: "Nola iritsi"
Tresna honekin, xehetasunez kontsulta daitezke ibilbidearen jarraibideak.
"Nola iritsi" zerrendako pausoetako edozein hautatzean, dagokion tartea nabarmendu egiten da, bai zerrendan bertan, bai mapan. Bisoreak automatikoki zentratzen du ikuspuntua hautatutako tartean, eta jarraibideetan aipatzen den hasierako puntua erakusteaz gain, ibilbideko zati hori laranjaz nabarmentzen du.

Interakzio horrek jarraibideak kontsultatzea errazten du, eta hari esker mapan azkar identifikatu daiteke zein ibilbide-tarteri dagokion jarraibide bakoitza.
Kontsultatu goratze-profila
Kalkulatutako ibilbidean goratze-profila ere ikus daiteke. Funtzionalitate hori bereziki erabilgarria da ibilbidean zehar dauden altitude-aldaketak ezagutzeko.
IDENAn eskura dauden trackekin gertatzen den bezala, sagua goratze-profilaren gainean mugitzean, informazioa ibilbidearekin sinkronizatzen da eta mapan ibilbidearen puntua erakusten du.

Partekatu zure ibilbideak
Tresna berriarekin, gainera, ibilbidea partekatu daiteke, aukera ematen baitu IDENAn planifikatutako ibilbide bat beste batzuei bidaltzeko edo erakusteko.

Eskura dago 2Dn eta 3Dn
Funtzionalitate hau eskaintzen du bai 2D bisoreak, bai 3D bisoreak. Ibilbideak mantendu egiten dira bistaratze-modu batetik bestera aldatzean, eta ibilbide berarekin lan egiten jarraitzeko aukera ematen du, informazioa galdu gabe.
Horrela, erabiltzaileak une bakoitzerako egokiena den bistaratze-moduan planifikatu eta kontsulta dezake ibilbidea.

2. Posizionamendurako kontrol sinple berria
ipatutako funtzionalitate berri horrekin batera, IDENAk erabiltzailearen gailuaren posizionamenduarekin lotutako hobekuntza bat ere sartu du.
Posizionamendurako kontrol sinple berri bat da, eta gailuaren kokapena jakiteko aukera ematen du, «GPSa eta ibilbideak» kontrol osoa kargatu beharrik gabe.

Funtzionalitate hori hainbat bisore geografikotan berrerabil dadin pentsatuz garatu bada ere, IDENAn integratzeak aukera ematen du posizionamendua botoi independente baten bidez eskuratzeko, «GPSa eta ibilbideak» kontrol tradizionala aktibatu beharrik gabe.
Hobekuntza hori gauzatu da bi kontrolen artean lortutako bateragarritasunari esker, eta aukera ematen du geoposizionamendua modu errazago eta zuzenago batean lortzeko, erabiltzaileak mapan duen kokapena soilik jakin nahi duenean.
